XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orain Zeuk Ez du malkorik isuri, lorategirik inoiz eduki ez badu ere.

Nik orain etxe dotore bat daukat baina egia esan sarritan oroitzen naiz beti lapiko lurruntsuz josia zegoen sukalde hartaz.

Orain dena askoz hotzagoa da, sasilagun asko hurbiltzen zaio bati bere izena egunkarietan datorrenean.

Adibidez, lehengo batean Rubiorekin afaldu nuen Bilbon, azken egunetan, bere langileen greba dela eta, egunkari guztien lehen orriak betetzen ari den enpresari horrekin.

Eta sorpresa batekin natorkizue: ezkontzera noa! Bai, bai, entzun duzuen legez, oso neska eder batekin, aktoresa batekin.

Bigarren mailako teatro batean aurkitu nuen, eta bere talentu izugarriaz ohartuz arrakastara bultzatu nuen.

Laster Europara irtengo da konpainiarekin eta bueltatzen denean ezkondu egingo gara.

Agian gabonetarako hor izango gaituzue, zuri, ama, hainbeste gustatzen zaizkizun polboroi horiekin.

Eta zuek zer moduz? Betiko umore onarekin al zabiltza, aita?.

Eta zuk, ama, beti bezain ondo jartzen al dituzu txipiroiak?.

Jainko maitea!, noiztik ez ote ditut zure txipiroi goxo haiek jan!.

Orain jatetxe ederretan jaten dut, esertzeko ere laguntzera datozkizun horietan, baina benetan diotsut, ez dudala inoiz zuk bezain ondo prestaturiko txipiroirik jan.

Egun hauetariko batean ikustera joango natzaizuela agintzen dizuet.

Nire kotxe berrian paseo bat eman genezake.

Maite zaituzte: Inaxio-Mari.

P.D. Berriz diotsuet: diru laguntzarik behar baduzue idatzi niri.

Agureak begiak gutunetik urrundu dituenean kolpean zabaldu da atea, herio haizea sar dadin.

Herio-haizeak gela zeharkatu du, ilea harrotu dio agureari, sukaldean sartu da lapikoak biziki irakin dezan, guztiek entzun dezaten, ohe albora bueltatu da, mesanotxeko botika-kaxa multikoloreak irauli ditu eta, azkenik, sartu den bezala irten du ohe ertzeko lehio bakarretik.

Dena isilik geratu da, oso isilik.

Bakarrik botika-kiratsa jasangaitza geratu da kulunkan, agurea sukaldera abiatu denean.